XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6. DISKOEN MANIPULAZIOA

Atal honetan diskoekin (disketearekin eta disko gogorrarekin) egiten diren eragiketa arruntenak aztertuko dira.

Zeintzuk dira eragiketa horiek? Hemen bi azpimarratuko ditugu: alde batetik diskoei formatua ematea eta bestetik disketeak kopiatzea.

6.1. DISKOAK FORMATEATU

Edozein disketek (eta disko gogorrak ere bai, baina ordenadorea erostean jadanik formateatuta eta sistema eragilea instalatuta egoten da) baliagarria izan dadin, formateatuta egon behar du.

Disketeak formateatzea gero eta gutxiago egiten den eragiketa da; gaur egun saltzen diren diskete gehienak formateatuta etortzen dira. Hala ere, egiten jakin behar den eragiketa da.

Formateatzeko honakoa egiten da: disketeari sektoreak eta pistak esleitzen zaizkio, hau da, ordenadoreak identifika dezakeen formatua ematen zaio. Hortik dator formateatu hitza.

Disketea formateatzean kontu handia izan behar da disketea aurrez erabili baldin bada, zeren eragiketa horren bidez formatua emateaz gain lehendik disketeak duen informazio guztia galdu egiten baita.

Disketea formateatzeko MS-DOS sistema eragileak duen agindua format da.

Oso komenigarria da agindu hori gutxienez parametro batekin erabiltzea.

Parametro horretan zein diskete formateatu ipiniko genuke.

Horregatik, b unitatean daukagun disketea formateatu nahi badugu, format b: agindua ipiniko genuke.

Batzuetan beste parametroren bat erabili behar izaten da.

Adibidez, a unitatean sartzen den disketea 3,5"koa bada eta format a: agindua ematen bada, ordenadorea zaharra ez bada, dentsitate altukoa (1,44 Mb-koa) dela pentsatuko du eta horrela formateatzen saiatuko da.

Baina gure disketea dentsitate bikoitzekoa bada (720 K) horrela formateatzeko beste parametro bat sartu behar zaio hori adierazteko. Kasu honetan /F:720 izango litzateke parametro hori.

format a: /f:720

Parametro hori, edo besteren bat, buruz ez da zertan ikasi behar; MS-DOS sistema eragileak ematen baitu informazioa bere aginduei buruz, help komandoaren bitartez.